GETXOPHOTO
Nor gara
Kultur proiektuak sortu, aurrera atera eta kudeatzen dituen ekimen independentea gara. Irudia eta, oro har, ikusizko arteak dira gure lanerako lehengaiak, izan ere, pertsona eta komunitate gisa zuzenean eragiten diguten gaiei aurre egiteko tresna gisa ulertzen dugu artea. Gure proiektuen helburua elkarrizketa sozial bat piztea eta sustatzea da, eta horregatik hain zuzen ere, arreta berezia eskaintzen diegu publikoen kudeaketari eta bitartekaritzari. Parte hartzeak, gozatzeak, hausnarketak, hibridazioak, konpromisoak eta iraunkortasunak mugiarazten gaituzte.
Zertan gabiltza
Duela 17 urtetik gora, Getxophoto Irudi Jaialdia sortu eta antolatzen dugu urtero. Tokian tokikoa oinarri duen nazioarteko proposamena izatetik abiatuta, gure helburu nagusietako bat espazio publikoaren bestelako erabilpena da. Bere homogeneizazioari eta pribatizazioari aurre eginez, espazio hau topagune gisa, elkar ezagutzeko eta esperimentatzeko, jolasteko eta ospakizunerako eremu gisa ulertzen dugu. Horregatik hain zuzen ere, gure programazioaren zatirik handiena aire zabaleko instalazioek osatzen dute, irudiaren eta ingurunearen arteko lotura nabarmenduz eta, bide batez, publikoekiko harreman horizontalagoa eta parte-hartzaileagoa ezarriz. Ildo beretik, lortu nahi dugun beste helburuetako bat proposamen artistiko garaikideak jaialdira hurbiltzen diren ikusle desberdinei helaraztea da. Beraz, bitartekaritza- eta heziketa-programak oinarrizkoak dira gure programazioan, bai loturak sortzeko zein artistek edizio bakoitzean azaltzen dituzten diskurtsoak hobeto zabaltzeko.